5 de junio: Un día mundial del medio ambiente especial para nuestra vida salvaje/Ekainaren 5a: Ingurumenaren Munduko Egun berezia gure basabizitzarentzat

 karpinBihar Ingurumenaren Munduko Eguna ospatzen dugu. Nazio Batuen Erakundeak 2016an Go wild for life / Bizitzak lilura zaitzala goiburua aukeratu du basabizitza babesteko ahaleginak batzeko asmoz.

Gizakiok pixkanaka planetako bazter guztiak betetzen joan gara, gainontzeko espezieei nagusituz. Nahiz eta gizakien garapenak ezin eztabaidatuzko oparotasuna ekarri eta anitz milioi pertsonaren bizi-baldintzak hobetu –oso modu desberdinean egin arren‑, nekez konpon daitezkeen desoreka handiak ere ekarri ditu, dudarik gabe, gizartean, ekonomian eta ingurumenean. Ondoriorik txarrenetako bat dibertsitate biologikoan izan dugun eragin kaltegarria izan da. Biodibertsitatearen krisia, zeina neurri handi batean giza-ekintzaren ondorioa baita, arrisku larria bihurtu da gaur egun gizakiaren garapenarentzat berarentzat.

Azken hamarkadetan, Nazioarteko Erkidegoa apurka-apurka jabetu da arazo horretaz, eta zenbait baliabide prestatu ditu, esaterako, Dibertsitate Biologikoari buruzko Nazio Batuen Hitzarmena edo Europako basabizitza eta natura babestearen gaineko Europako Kontseiluaren Hitzarmena.

Esanguratsuak badira ere, ahalegin horiek ez dute eragotzi habitat naturalak suntsitzen jarraitzea, nekazaritza intentsiboa ugaritzea edo urak eta airea kutsatzea. Fenomeno horiek beren halabeharrezko ibilbidea egin dute, eta makina bat basapizti desagerrarazteko arriskua ekarri dute berekin.

Zoritxarrez, planetako eremu urrunetako espezieak desagertzera ohitzen ari gara. Horrela, 2011. urtean, Javako errinozeroaren subespezie bat desagertu zen Vietnamen, eta, Kamerunen, berriz, mendebaleko azken errinozero beltzak desagertu ziren.

Hala ere, basapiztiak desagertzeko arriskua ez da beti urrutiko lekuetan gertatzen. Desagertze asko gertu jazotzen dira eta espezie horien desagerpen orokorrari gehitzen zaizkio. Horregatik eskatu behar dugu tolerantzia izpirik ez izatea arriskuan dauden basapiztien legez kontrako merkataritzarekin, eta, horrez gain, borondate irmo eta tinkoa izatea gure gertuko bizi-ingurunean biodibertsitatea iraunaraztea eta babestea sustatzeko.

Euskaldunontzat, horrek hauxe esan nahi du, zehazki: ahalegin handiagoak eta ekimen gehiago egin behar ditugula gure geografian bizi diren espezieen hainbat barietate babesteko.

Era berean, Arartekoak Ingurumenaren Munduko Eguna baliatu nahi du Xabier Maiztegi albaitari ospetsuari omenaldia egiteko, izan ere, zauritu, abandonatu edo atzemandako animaliak hartzeko proiektu bat hasi zuen, eta haren emaitza gisa, Euskadiko basoko fauna suspertzeko zentro bat sortu zen. Xabier Maiztegiren lan oparoak aurrera darrai oraindik Karpin parkea bezalako zentroetan, Enkarterrietan edo Udaibaiko Basondo zentroan; legez kontrako trafikoagatik, abandonuagatik edo suspertzeko jardueren ondorioz atzeman diren basapiztiak jasotzeko guneak dira horiek denak.

Zentro horiek, basoko fauna berreskuratzeko Gorlizko eta Martiodako zentroekin eta Donostiako Arrano Etxearekin batera, oso ondo islatzen dute Ingurumenaren Munduko Egunaren muina, izan ere, hezkuntza eta aisialdi arduratsua garatzeko tokiak dira, eta gizakien ekintzek beste espezieetan duten eraginaren gainean herritarrak sentikorrago bihurtzeko balio dute. Horien instalazioetan gure inguruko animaliak aurki ditzakegu, adibidez, orkatzak, basurdeak, oreinak, azeriak edo basakatuak Era berean, gertutik ikus ditzakegu tamalez jada gure lurraldean ez dauzkagun animalia batzuk: katamotzak edo bisonteak, Euskadiko basoetako garai bateko biztanleak. Are gehiago, gure mendietan aspaldi desagertutako espezie batzuekin batera bizi dira, espezie horiek azken urteotan susperralditxo bat izan dutela erakutsi baitute, baita antzinako eztabaida piztu ere, otsoaren kasuan esate baterako.

Gaurkoa egun aproposa da planetarekin eta bertako espeziak iraunaraztearekin dugun konpromisoaz gogoeta egiteko. Norberak, bere ardura-eremutik, bere buruari galdetu diezaion zer egin dezakeen eta egin behar duen gure espezieak bere portaera harrapariari utz diezaion eta bere natur inguruarekin modu iraunkorrean bizitzeko gauza izan dadin, bertako faunaren aberastasuna babestuz, ingurumena etengabe hondatzea eta gure basabizitza pobretu eta galtzea eragotziz.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 4a

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude