Hotza etxeetan. El Ararteko propone medidas contra la pobreza energética.

tercera-edad

2017ko otsailaren 17a

Berria, Deia, Diario de Noticias de Álava, Diario de Noticias de Gipuzkoa

Otsaila hilabete hotza da, hotz-hotza batzuetan. Garai honetan Siberiako aire-masak Europako mendebaldera mugitzen dira eta, oro har, tenperatura jaitsarazten dute. Oraindik gogoan dugu 1956ko otsail hura, hotzak Euskadi astebete pasatxo harrapatu zuenekoa. Hotz polar hark Europa erdia astindu zuen, eta hura gogoratzeko, zenbait elkartek, hala nola Ingurumen Zientzien Elkarteak edo Energia-eredu berri baten aldeko plataformak (Euskadin, Gure Energia), otsailaren 17a aldarrikatzen dute Energia-pobretasunaren kontrako Europako Eguntzat.

Pertsona askok beren etxebizitza gutxienezko erosotasun-egoeran mantentzeko duten zailtasuna da energia-pobretasuna. Erosotasun hori lortzeko, etxe barruan tenperatura egokia izan behar da, edo argindar nahikoa, eguneroko beharrak asetzeko. Pobretasun mota berezi bat da, eta gero eta garrantzi handiagoa dauka, batez ere energiak, gaur egun, biztanleen ongizatean eragin handia duelako. Funtsezko ondasun komuna da, bizimodu duina ahalbidetzen duena, eta hori ezinbestekoa da etxebizitza bat izateko benetako eskubidea baliatzeko.

Energia eskuratzeko prekariotasunak zerikusia du, jakina, etxeko energia-zerbitzuak (argindarra edo gasa) ordaintzeari aurre egiteko errentarik ez izatearekin. Baina ez horrekin bakarrik. Energia-pobretasuna beste faktore batzuekin ere zuzenean lotuta dago, adibidez, energia-eraginkortasunarekin edo energia-fakturarekin. Euskadiko etxebizitzek, batez beste, 40 urte inguru dituzte, eta eraikin asko energia aurrezteko beharrak aintzat hartu gabe jaso ziren. Bestalde, energia-pobretasuna energiaren kostuaren mende ere badago. Horrela bada, Energiaren Euskal Erakundearen datuen arabera, energiaren faktura etxebizitzen sektorean beste parametro ekonomiko batzuen oso gainetik areagotu da: 2007an etxe bakoitzeko 718 euro izatetik, 2015ean 1.037 euro izatera igaro da.

Egiaz, diru-sarrerak bermatzeko euskal sistema eta gizarte larrialdietarako laguntzak baliagarriak izan dira energia-bazterketaren ondoriorik txarrenak arintzeko. Hala eta guztiz ere, Euskadin oraindik ere hainbat pertsona eta familia daude energia-pobretasunaren mende neguan. Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera, 2015. urtean, Euskadiko familietatik %7,7k ezin zuten etxebizitza tenperatura egokian mantendu; hau da, 235.000 pertsonak gutxi gorabehera, Eusko Jaurlaritzaren gizarte-beharren gaineko galdesortaren arabera.

Energia-pobretasunaren arazoa indartsu azaleratu da eztabaida publikoan, emaitza ezezagunekin, oraingoz. Espero izatekoa da Estatuko eta Euskadiko berehalako erregulazio batek prekariotasun egoerak prebenitzeko balio izatea. Estatuko araudirik ez dagoenez gero, autonomia erkidego batzuek zenbait mekanismo arautu dituzte herritarrak hotzetik eta iluntasunetik ateratzeko. Nahiz eta Auzitegi Konstituzionalak, 2016ko martxoko epaian, zalantzan jarri zuen autonomia erkidegoek energiaren sektorean araubide ekonomiko propioa ezartzeko eskumenik ba ote duten, onartzen du esku hartzeko aukera, energia-pobretasuna arintzeko. Oraindik orain onartu den abenduaren 23ko 7/2016 Errege Lege-Dekretuak, gizarte bonua finantzatzeko mekanismoa arautzekoak, denboran atzeratu egin ditu kontsumitzaile ahulak babesteko beste neurri batzuk.

Testuinguru horretan, Arartekoak gomendio orokor bat egin zuen. Botere publikoei eskatu zien energia-pobretasunaren kontra borrokatzeko euskal plan bat onar zezatela. Hori egiteko, talde ahulenak identifikatu behar dira, energia-fakturan nola aurreztu jakinarazteko betebeharra onartu behar da, eta etxebizitzetan energia-eraginkortasuna areagotu. Era berean, Arartekoak galdegin zuen egoera txarrean zeuden pertsona guztiei energia-hornidura berma ziezaietela, aldirik larrienetan hornidura eten ez ziezaieten.

Arartekoak berriki nabarmendu ditu zenbait udalek (Irun, Bilbo, Gasteiz eta Donostiakoek, esaterako) energia-enpresekin koordinazio-mekanismoak adosteko hartu dituzten neurriak, egoerarik txarrenean dauden familien etxeetan energia-hornidura eten ez dezaten. Zarauzko Udalak, gizarte laguntzekin batera, informatzeko eta aholkuak emateko programa bat adostu du energia berriztagarrien enpresa kooperatiba batekin, energiaren faktura murrizteko asmoz. Eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, Euskal Herriko Gurutze Gorriarekin lankidetza-hitzarmen bat amaitu ostean, energia-pobretasunari buruzko hainbat xedapen sartu ditu gizarte larrialdietako laguntzak arautzen dituen dekretuan.

Energia-pobretasunaren aurkako euskal estrategiaren lehen urratsak dira, dudarik gabe. Beraz, arazo hori egon badagoela onartu behar da, eta politika publikoetan berariaz sartu. Jakina, ezer baino lehen, horren ondoriorik larrienak arindu behar dira, adibidez, hornidura-eteteak. Hori esan eta gero, Arartekoak harago joatea proposatzen du, energia aurrezten eta eraginkorrago bihurtzen ahaleginak egitea, politika publikoak energia-gastua gutxitzera bideratuz, zaharkitutako etxebizitzak berriztatuz, energia-faktura murriztuz eta etxeetan nork bere energia sortuz.

Europako iparraldeko hotz boladek orain arte bezala astinduko gaituzte neguko hilabeteetan. Ararteko naizenez, eztabaida publikoa sustatu nahiko nuke Euskadiko etxeetan hotza nabarmenki gutxitzeko –edota desagerrarazteko . Ziur nago botere publiko, enpresa, energia-kooperatiba eta kontsumitzaileen arteko adostasunari esker, energia-pobretasunaren kontrako neurri horiek bultzatzeak lagunduko duela helburu hori lortzen.

Manuel Lezertua
Arartekoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude