Declaración institucional del Ararteko en el Día Mundial del Medio Ambiente 2017 «Pertsonak naturarekin harremanetan jartzea».

IMG_0232[1]Ekainaren 5ean, Ararteko erakundeak bat egiten du Ingurumenaren Munduko Eguna ospatzearekin. Ospakizun hori Nazio Batuen Ingurumen Programak sustatzen du eta honako goiburua aukeratu du 2017an: “Pertsonak naturarekin harremanetan jartzea”. Naturari hurbiletik begiratzeko gonbidapen iradokitzailea da, gertuen dauden naturaguneetara joan eta Lurrari buruz gogoeta egiteko, guztion etxea baita.

Gizateriaren erdia, 3.500 milioi pertsona, hirietan bizi dira gaur egun. 2030. urterako, ustez hala egingo dute munduko biztanleen %60k. Hain urbanizatuta dagoen gizarte honek nekez izan dezake gertuko harremana naturarekin. Aldi berean, baserri giroan bizi diren beste pertsona askok oraindik ere goza dezakete habitat naturalez. Naturarekiko gertutasun horrek hobeto ikusarazten du, egunero, gure ingurumena hondatzen jarraitzea eragotzi behar dela, baliabide naturalak neurriz gain erabiltzea prebenitu behar dela eta gizakiok eta planetako beste espezie batzuek elkarrekin modu orekatuan bizi behar dugula.

Arartekoa kezkatuta dago, euskal herritarrak eta Europakoak bezalaxe, herrialde ahaltsu batzuetako zenbait buruzagik ezjakintasunez eta berekoikeriaz gutxiesten dutelako guztiok bizi garen planetaren biziraupena. 2017an ingurumenaren eguna ospatzea aukera ona da euskal herritarren borondatea adierazteko: alegia, euskal herritarrek parte hartu nahi dutela ekosistemak, espezie basatiak, natura baliabideak -akuifero garbiak, aire garbia… babesten, baliabide horiek behar-beharrezkoak baitira geroko belaunaldientzat eta giza espezieak iraun dezan.

Naturari, flora eta faunari so egitea lagungarria da ekosistemek egiten dituzten zerbitzu itzelak behar bezala aintzat hartzeko. Horiek zenbatzea erraza ez bada ere, planetako ozeano, baso eta lurzoruek bizitzarako funtsezko eginkizuna betetzen dute, klima doitzen duten berotegi-gas handiak bailiren jarduten baitute. Ekosistemek sinergia lagungarriak sortzen dizkiete beste ekosistema batzuei: horren adibide dugu intsektuek polinizazioan betetzen duten zeregina, erabakigarria benetan, bioaniztasuna iraunarazteko eta elikagaiak ekoizteko. Bestalde, naturako beste osagai batzuk, hala nola eguzkiak, haizeak, itsasaldiek eta abarrek gizarteak aurrera egiteko behar duen oinarrizko energiaren gero eta zati handiagoa sortzen dute. Aldi berean, ekosistemek beroriei begira gozatzeko ere balio dute. Begiratze hutsak onura materiagabeak ekartzen dizkio gizakiari: nork bere burua aberastea, inguruarekiko sentikorrago agertzea, zentzumenak garatzea, hausnartzea edo esperientziak birsortzea.

Euskadi oraindik toki paregabea da natura inguruaz gozatzeko. Gure herriak naturagune sare zabala daukanez gero, haran, mendi eta itsasertzen edertasuna eta aniztasuna ikus daiteke. Eusko Jaurlaritzak, 1989. urtean Urkiola parke naturaltzat jo zuenetik, beste zortzi parke natural izendatu ditu euskal geografian barrena: hain zuzen, Aralar, Gorbeia, Aiako Harria, Aizkorri-Aratz, Armañón, Gorbeia, Izki, Pagoeta eta Valderejo. Euskal Herriko Naturagune Babestuen Sarean sartuta daude, halaber, Inurritza, Itxina, Guardiako aintzirak, Gaztelugatxeko San Joan, Leitzaran eta Deba eta Zumaia arteko itsasertzeko biotopo babestuak. Natura-eremu horiek autonomia erkidegoaren azaleraren %10 baino gehiago hartzen dute, eta %20, Natura 2000 Sareko guneak barne hartzen badira, adibidez, hegaztientzako babes bereziko eremuak eta Erkidegoko garrantzi handiko lekuak. Euskaldunok naturagune horiekin dugun lotura aspaldikoa da. Arartekoak agintari publikoei, ingurumena babesteko elkarteei eta herritarrei oro har eskatzen die naturarekin dugun bizi-harreman hori mantendu eta garatu dezatela, eta gure natura ondarea bereziki babestu eta sustatuko dela berma dezatela.

Ingurumenaren Munduko Egunak proposatzen duen eguna, ekainaren 5a, aukera bat da gure natura-inguru eder eta anitza babestearekin herri gisa hartu dugun konpromisoa berritzeko. Aukera ezin hobea da Euskadiko parke natural, biotopo eta beste naturagune batzuk hobeto ezagutzeko eta horiekin atsegin hartzeko. Goza dezagun horietaz!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude