Ongi etorria

Ararteko erakundeak ekimen berriak bultzatu ditu herritarren eskubideen babesean gure eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin.

Testuinguru horretan, egokia iruditu zaigu ekimen hau abian jartzea: elkarteetatik eta erakundeetatik gertuago egotea, gizartearen arazoen eta kezken inguruko ezagutza eta pertzepzioa hobetzeko asmoz. Horrela, esleitu diguten lanaren, hau da, konstituzioak eta estatutuek emandako eskubideen babesaren eta defentsaren, kalitatea eta eraginkortasuna hobetu ahalko dugu.

Zentzu horretan, pentsatu dugu Web 2.0 izenekoa, eskaintzen dituen aukera teknologikoak direla-eta, gizarte-komunikaziorako oso tresna erabilgarria dela. Izan ere, bide azkarrak eta eraginkorrak ezartzen ditu erakunde honen, herritarren eta euren ordezkari diren taldeen arteko komunikazioa eta hartu-emana ahalbidetzeko, gizartearen kezka edo interesa pizten duten arazoei, gatazkei edo egoerei lotuta.

Horri dagokionez eta ekimena gure eskumenen esparruaren alderdi zehatz batean kontzentratzeko, egokia iruditu zaigu ingurumenari buruzko parte-hartze publikoko foroa sortzea. Foro horrek, kontu zehatzak hizpide dituzten blog tematikoen bitartez, ideien eta esperientzien trukea sustatuko du erakunde honen eta gure autonomia erkidegoan dauden ingurumena babesteko talde eta elkarte nagusien artean.

Zehatz-mehatz, lehenengo esperientzia honentzat, aspalditik elkarte eta talde ekologisten ezinegona eragiten duen gai bat aukeratu dugu. Erakunde honetan horri buruzko hainbat kexa eta salaketa jaso ditugu. Hain zuzen ere, ingurumenari buruzko informazioa eskuratzeko eskubidearekin lotutako arazoei buruz ari gara. Uztailaren 18ko 2712006 Legeak, ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko, parte-hartze publikorako eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituenak, eskubide hori onartzen du.

Gai horren inguruan jaso ditugun kexa ugariek erakutsi digute gaur egun elkarte ekologistek euren lana aurrera eramateko, hau da, ingurumena babesteko eta gure ondare kulturalaren aurkako erasoak eta atentatuak salatzeko, dituzten arazoen artean nagusietako bat dela.

Gure helburua hauxe da: ingurumenari buruzko informazioa eskuratzeko eskubidearen gaineko blog bat egitea, eskubide hori gauzatzeko sortzen diren arazoak aztertzea ahalbidetzen duena eta gatazkatsuak diren egoeren inguruan eztabaidatzeko eta esperientziak trukatzeko balio duena. Egoera horiek elkarte ekologistek euren eskubidea herri-administrazioren baten aurrean erabili nahi dutenean sortzen dira.

Parte-hartzaileek, blogean jorratuko diren gaiei dagokienez, proposamenak egin ditzakete, dena den, uste dugu interesgarria izango litzatekeela elkarteek erakunde honetan aurkezten dituzten kexek hizpide dituzten gai nagusiak jorratzea, hala nola: eskubidea aitortzeko atzerapenak, emandako informazioa nahikoa ez izatea, informazioaren formatua desegokia izatea, neurrigabekoak diren tasak kobratzea, eskuratzeko eskubideari dagokionez legeak ezartzen dituen salbuespenen baliabidearen erabilera sistematikoa, etab.

Horrez gain, administrazioek eskuratzeko eskubidea ukatzeko edo mugak ezartzeko erabiltzen dituzten arrazoiak ezagutzea eta eztabaidatzea interesgarritzat jotzen dugu. Horien artean: informazioaren xedearen mugaketarik eza, gehiegizko eskaerak edo eskaera errepikakorrak, ingurumenaren eta informazioaren xedearen arteko loturarik eza, eskatutako informazioa beste administrazio batean egotea, etab.

Gure nahia bloga tresna erabilgarria, eraginkorra eta entretenigarria izatea da. Alde batetik, elkarteek, ingurumenari buruzko informazioa eskuratzeko eskubideari lotuta, dituzten arazoak, zalantzak eta esperientziak askatasunez azaldu ditzaten eta, bestetik, erakunde honek haren eskumenak (ingurumenaren arloko eskubideei dagokienez, administrazioaren jarduera gainbegiratzea) hobeto gauzatzea ahalbidetuko duten informazioa, datuak, ideiak eta proposamenak lortu ditzan.

Etorkizunean foroa herritar guztien esku jarri nahi dugun arren, egokia iruditu zaigu lehenengo esperientzia honetan blogean parte-hartzeko gonbidapena hauei luzatzea: gure autonomia erkidegoan, ingurumenari lotutako asoziazionismoaren esparruan, agerpen eta ordezkaritza gehien duten elkarteei eta taldeei, geroago, parte hartzen duten elkarteen eta taldeen kopurua handitzearen kaltetan izan gabe. Horrez gain, arlo horretan ospea eta esperientzia duten pertsonak edo erakundeak gonbidatuz esperientzia zabaldu daiteke.

Daukazuen esperientziagatik eta gizarteak ingurumena babesteko egiten duzuen lana aintzatesten duenez, zuek blogean egotea ekimen honek arrakasta izan dezan ezinbestekoa den elementua dela uste dugu.