La protección de la ola de Mundaka como un elemento de interés natural de este espacio de ocio para la práctica del surf

Foto ubicada en https://www.euskadi.eus/r49-orokorra/es/contenidos/nota_prensa/mundakako_olatua/es_10212/mundakako_olatua.html
Foto ubicada en https://www.euskadi.eus/r49-orokorra/es/contenidos/nota_prensa/mundakako_olatua/es_10212/mundakako_olatua.html

Mundakako olatua natura intereseko elementu gisa babes dadin sustatzeko, surfean aritzeko aisia-leku horretan

Arartekoak jakin zuen Mundakako itsasbazterrean gatazka bat sortu zela, 2015ean izandako ekaitzen ondoren Laida hondartzako hareatza berreraikitzeko lanen ondorioz.

Surflari eta elkarte ekologista batzuek eskatu zuten neur zedila ingurumenean zer-nolako eragina izango zuten Ibarrangeluko itsasertzeko harea mugitzeko lanek, eta neurriak har zitezela lan horiek Mundakako ezkerreko olatuan izango zuten eragina gutxitzeko. Horretarako, Mundakako olatua eta barra egoki babesteko bideak bila zitezela proposatu zuten, surfean aritzeko aukera bermatzeko.

2015eko irailean Arartekoak ofiziozko jarduera bat hasi zuen, euskal herri-administrazioek gai horretan zer jarduera burutu zituzten aztertzeko, eta bilera bat egin zuen Mundakako alkatearekin, olatu hori babesteari buruz zer asmo eta proposamen zituen jakiteko.

Udalak jakinarazi zigun surferako erreserbatzat jotzeko udal adierazpen bat sustatu zuela, lehen urrats gisa, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren barruan entitate juridikoa duen babestu beharreko iruditzat jo arte.

Bizkaiko Batzar Nagusiek ere legez besteko proposamen bat onartu zuten, Mundakako ezkerreko olatua eta barra, baita Urdaibaiko surf-eremua ere, natura- eta kultura-ondasuntzat hartzearen gainean.

Gainera, oraindik orain, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Mundakako olatua babestu behar dela ezarri du Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen Dekretuan (EHAA, 2016ko azaroaren 28koa). Arauzko xedapen horrek berariaz adierazten du Mundakako barraren gaineko ezkerreko olatua natura intereseko elementua dela, eta trantsizioko uretan dragatze eta isurtze-lanak murriztea arautzen du. Aparteko kasuetan, erabilera publikoko arrazoiak direla eta, hondartzetara harea kopuru txikiak eramatea baimendu litekeenean, zuzentzeko plan horrek eskatzen du ziurta dadila horrek ez duela eraginik izango “natura-intereseko elementuen gainean (…), Mundakako barraren gainean olatuak hausteari dagokionez batez ere”.

Euskal herri-administrazioek hartutako neurri horiek baliagarriak izan dira Mundakako olatua natura intereseko elementu gisa babes dadin sustatzeko, surfean aritzeko aisia-leku horretan. Horregatik, zuzen ezarriko direlakoan, bukatutzat jotzen dugu gure jarduera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude